Arma, tiro, FLASH!

Egitasmoaren nondik norakoak

ARGAZKIGINTZA MATERIAL PEDAGOGIKO GISA

Material hau sortzera bultzatu gaituzten arrazoien artean aipatu behar dugu, hasteko garrantzitsua deritzogula gizartea, eta batez ere gazteak, ikusgai dauden benetako piezetara hurbiltzea. Alde horretatik, interesgarria iruditu zaigu Bigarren Hezkuntzako 2. eta 3. kurtsoko ikasleei begira argazkilaritzarekin lotutako material didaktiko osagarria lantzea, nahiz eta materialek etapa osoa hartzeko balio duten. Gaur egun ez diogu argazkiak ateratzeko lanari benetako garrantzirik ematen, ezta bere sormen eta teknika prozesuari ere, bizitzako uneak partekatzeko erraminta balitz bezala erabiltzen dugu bakarrik. 

Horregatik, hiru sekuentzia garatu dira, Photomuseumean ikus daitezkeen edukiak eta materialak oinarritzat hartuta.

Material honen asmoa, ikasleen artean argazkilaritzak duen funtzioaren inguruko hausnarketa bideratzea da, argazkiak ateratzeko eta antolatzeko prozesuaz jabetzeko eta argazkigintzaren munduko eduki artistikoak ezagutzeko eta hauek praktikan jartzeko. Asmoa, gazteak argazkilarien azalean jartzea da, horretarako, museoak eskaintzen dizkigun jakintzak eta baliabideak erabiliko ditugu. Bestetik, museoek baliabide kultural bezala duten garrantzia onartzeko helburuaz, bisita ere antolatuko dugu bertara.

Aldi berean, material bakoitzaren lanketa erraztuko duten adibide, eduki eta ariketaz hornituko da, ikasleengan arte horrekiko interesa eta grina pizteko helburuarekin.

METODOLOGIA

Ikasmaterial hau Heziberri 2020 Plana jarraituz egin da eta metodologia aktiboak oinarri hartuta. Sekuentzia didaktikoen metodologian (Dolz eta Schneuwly 1997) eta egitura kooperatiboetan oinarritu gara (Kagan 1999) modu honetan.

Sekuentzia didaktikoak, helburu konkretu bati erantzuten dioten jarduera-multzoak dira eta, gure kasuan, hezkuntza kooperatiboa erabiliz gauzatuko dira. 

Jarduerek ikaste-prozesua esanguratsua izatea bermatu behar dute, logikoki nahiz psikologikoki. Hau da, batetik, lantzen diren edukiek lotura logikoak izan behar dituzte, eta bestalde, ikasleen behar eta ezagutzetara egokituak izan behar dira. 

Ikasten ari diren berdinen arteko interakzioa garrantzitsua da benetako ideien elkartrukea eta eztabaida sustatzeko; hau da, adimen kritikoa, objektibotasuna eta hausnarketa diskurtsiboa garatzeko. Horrela, metodologia kooperatiboa erabiliko dugu, aurretik aipatutako guztia lantze aldera. Beraz, lan eta esfortzu indibidualaz gain, talde lana funtsezkoa da, gizabanakoak besteekin elkarri eragiten ikasten baitu

HASIERAKO FASEA

Sekuentzia honetan, ikasleei aurkeztu egiten zaie zer egitera eta zertan ikastera goazen hurrengo jardueretan. Azken helburu komunikatiboa ere zehazten da, baita helburu hori lortzeko jarraituko ditugun urratsak zeintzuk izango diren ere. Bestetik ere, sekuentzia hau baliatzen da ikasleek gaiaren inguruan dituzten aurretiko ezagutzak zeintzuk diren identifikatzeko eta museora egin beharreko bisita prestatzeko

GARAPEN FASEA

Sekuentzia honek museoko ezagutzak modu zuzenean jasotzeko balio du, baita Hasierako fasean eskuratutako jakintzak sakontzeko ere, Bukaerako fasean jorratu beharko den proiektuari begira. Ikasleek argazkilaritzaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzeko baliatzen da ere. Horrela, sekuentziaren amaieran sortuko duten proiekturako dituzten zalantzak argituko dituzte.

BUKAERAKO FASEA

Azken fase honek, Erronketan oinarritutako ikaskuntzan oinarrituta, erronka baten aurrean jarriko ditu ikasleak eta, elkarlanean arituz, konpondu egin beharko dute hori. Horrela, ikasketa esanguratsuak lortuko dira eta ikaslea ikaste/irakaste prozesuaren erdigunean jarriko da. Sekuentzia hau, bestalde, hiru fasetan banatuko da ere.

Azken sekuentzia hau, bestalde, hiru fasetan ere banatuko da. Hasierako fasea, garapen-fasea eta azken fasea.

1. Lehenengo fasean, museoan ikusitakoa gogora ekarriko dute eta egin beharko duten proiektura bideratuko zaie, erronka aurkeztuz.

2. Bigarren fasean, ikasleek beharrezko informazioa eta ezagutzak eskuratuko dituzte, proposatu zaien erronkari erantzuteko.

3. Hirugarren fasean, proposatutako erronkari helduko diote ikasleek. Unitatea amaitzeko, egindako lanaren balorazioa egingo da ebaluazioaren bidez.

HELBURUAK

HELBURU OROKORRAK

Argazkiak gure bizitzan duen funtzioaren inguruko hausnarketa bideratzea.

Argazkiak ateratzeko eta antolatzeko prozesuaz jabetzea.

Argazkigintzaren munduko eduki artistikoak ezagutu, praktikan jartzeko.

HELBURU ESPEZIFIKOAK

Museoa ikaskuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako kultura-baliabidetzat hartzea.

Iraganeko argazkigintzari eta haren bilakaerari buruzko jakin-mina garatzea.

Argazkigintzak Artean duen garrantzia balioestea.

Argazki-ondarea balioestea eta errespetatzea, eta haren kontserbazioa erantzukizunez hartzea.

Munduaren interpretazio pertsonala egitea, historiaren oinarrizko ezagutza batzuen bidez.

Baliabide teknologikoen erabilera bultzatzea ikaskuntza-iturri gisa.

LANDUKO DIREN OINARRIZKO ZEHAR-KONPETENTZIA

Aipatuko diren oinarrizko gaitasunak “Heziberri 2020: Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa” izeneko dokumentutik atera dira.

A) HITZEZ, HITZIK GABE ETA MODU DIGITALEAN KOMUNIKATZEKO KONPETENTZIA.

· Ahoz nahiz idatziz komunikatzen jakitea, eta, horretan, txukun, modu autonomoan, sormenez eta eraginkortasunez aritzea.

· Gorputz‐, arte‐ eta matematika‐hizkuntzaren oinarrizko kodeak erabiltzea, modu oso eta orekatuan.

· Kritikoki interpretatzea eta ebaluatzea gizarte‐hedabideetako mezuak.

· Zereginak diseinatu eta planifikatzean, informazioa kudeatzean, produkzio digitalak sortzea, elkarlanean aritzean eta besteei emaitzen berri ematean.

· Errealitate sozio‐ekonomikoak kritikoki interpretatzea, eta norberaren testuinguruko komunikazio‐prozesuetan arduraz eta etikaren zentzuz parte hartzea.

B) ELKARBIZITZARAKO KONPETENTZIA

· Norberaren eta besteen nahiak uztartzea, norberaren sentimendu, pentsamendu eta irrikak asertibotasunez adieraztea, besteei entzutea eta haien sentimendu, pentsamendu eta irrikak aintzat hartzea.

· Taldean ikastea eta lan egitea, norberaren erantzukizunak onartuz eta denen artean erdietsi beharrekoetan elkarlanean arituz, eta pertsonen eta iritzien arteko aniztasunak dakarren aberastasuna aintzat hartuz.

· Eskola barruko nahiz kanpoko ekimenetan, aktiboki parte hartzea eta lidergoa onartzea.

· Giza eskubideetan oinarritutako printzipio etikoen arabera jokatzea, eta bizikidetza gidatzen duten gizarte‐arauak errespetatzea.

· Elkarrizketaren bitartez, gatazkei konponbideren bat aurkitzea.

C) IKASTEN ETA PENTSATZEN IKASTEKO KONPETENTZIA

· Informazioa bilatzea, aukeratzea eta erregistratzea, zenbait iturri (idatzizkoak, ahozkoak, ikus‐entzunezkoak, digitalak…) erabiliz.

· Informazioa ulertzea eta ez buruz ikastea bakarrik (ulermenean oinarritutako pentsamendua).

· Informazioa interpretatzea eta ebaluatzea (pentsamendu kritikoa).

· Ideiak sortzea eta aukeratzea (pentsamendu sortzailea).

· Baliabide kognitiboak modu estrategikoan erabiltzea, ikasitakoak beste egoera batzuetara mobilizatuz eta transferituz.

D) IZATEN IKASTEKO KONPETENTZIA

· Norberaren pentsamendua eta ikasteko estilo kognitiboa autorregulatzea.

· Norberaren gorputz‐itxura eta ‐funtzioak autorregulatzea.

· Norberaren emozioak autorregulatzea.

· Norberaren jokabide morala autorregulatzea.

· Erabakiak hartu eta betebeharrak betetzeko, norberaren motibazioa eta nahimena autorregulatzea.

· Autoestimu errealista izatea.

· Nork bere erabakiak hartu eta erantzukizunak onartzea.

E) EKIMENERAKO ETA PENTSATZEN IKASTEKO KONPETENTZIA

· Ideiak eta konponbideak sortzea, eta errealitatea hobetzeko proposamenak egitea, eta horretan, espiritu kritikoa izatea eta solidaritatea eta gizarte-erantzukizuna aintzat hartzea.

· Aurrez planifikatutako ekintzak gauzatzea, eta beharrezkoak diren egokitzapenak egitea.

· Egindakoak ebaluatu eta hobekuntzak egiteko proposamenak egitea.

 

KONPETENTZIA DIGITALAK:

Informazioa:

· Informazioa arakatzea, bilatzea eta bahetzea.

· Informazioa ebaluatzea.

· Informazioa identifikatzea eta berreskuratzea.

Komunikazioa:

· Teknologien bidez interakzioan jardutea.

· Informazioak eta edukiak partekatzea.

· Kanal digitalen bidezko lankidetza.

Edukia sortzea:

· Edukiak garatzea.

· Egile eskubideak eta lizentziak.

Segurtasuna:

· Gailuen babesa.

· Datu pertsonalen babesa.

Arazoak ebaztea:

· Berrikuntza eta teknologia sormenez erabiltzea.

EBALUAZIOA

HASIERAKO EBALUAZIOA:

Hasierako fasean, ikasleen aldez aurreko ezagutzez jabetzeko balioko du.

Diagnostiko hau hasierako erreferentzia bat ere bada ikasleentzat. Diagnostiko honek aukera ematen du ikasleak dakitenari eta ez dakitenari buruz jabetzeko, zalantzak eta pentsatzeko zein jarduteko moduak identifikatzeko, arazo-egoera jakin baten inguruan hura ebazteko bestelako erak badaudela onartzeko eta beren ikuspuntuak zalantzan jartzeko.

EBALUAZIO HEZIGARRIA ETA PROZESUALA:

Fase honetako balorazioak, ikasleek eskuratutako ezagutzez jabetzeko balio du.

Garapen fase honetan, koebaluazioa burutuko da, irakasleek ikasleen ikaskuntza-aurrerapenei eta -zailtasunei buruzko adierazleak lortu ahal izan ditzaten eta, horrela, haien prozedurak egokitu ahal izan ditzaten. Baina ikasleei ere laguntzen diete beren ikaskuntzez kontziente izan daitezen, dakitenez eta ez dakitenez jabetzeko

AMAIERAKO EBALUAZIOA:

Fase honetako balorazioak prozesua eta ikaskuntza neurtzeko balio du, ebaluazio-irizpideen betetze-maila egiaztatuz eta ikasleek unitatearen hobekuntzan parte har dezaten sustatuz (autoebaluazioen bidez).

 

 

ESPAZIOEN ETA DENBORAREN ANTOLAKETA

Unitatea gelan landuko da, baina informazioa lortzeko edo eztabaidak prestatzeko egokia da, beste esparru batzuk ere erabiltzea. Esate baterako, unitateko jarduerak egiteko eta helburu komunikatiboak lortzeko, IKT baliabideak dituen gela, liburutegia, informatika edo ikus-entzunezko gela, ekitaldi-aretoa eta abar erabiliko dira.

DENBORALIZAZIOA

Unitatea hiruhileko batean egiteko asmoarekin dago diseinatuta, hau da, astean 2 orduko saioak eginez eta guztira 23 ordu inguru eskainiz egiteko. Dena den, irakaslearen esku geratzen da unitatea beste modu batean garatzea. 

BALIABIDEAK

Lan hau garatzeko IKTak (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) erabiliko ditugu. Era berean, “Eskola 2.0” egitasmoko baliabideak erabiliko ditugu: arbel digitala gela osorako eta ordenagailu eramangarri bana ikasle bakoitzarentzat.

Hori kontuan izanda:

· Testuak irakurri, bideoak ikusi edo audio-zatiak entzungo dira, besteen artean.

· Informazioa bilatzeko, Internet erabiliko dugu.

· Materiala ekoizteko argazki kamerak edota mugikorrak erabiliko dira.

· Gaiak aurkezteko, txostenak idazteko eta ahozko nahiz idatzizko ekoizpenetarako sarean dauden aplikazioak erabiliko ditugu.

Bestalde, museoan egingo den lanerako, espazioak eskaintzen dizkigun aukerak erabiliko ditugu tresna gisa.

Dolz, J. & Schneuwly, B. 1997: “Géneros y progresión en expresión oral y escrita. Elementos de reflexión a partir de una experiencia realizada en la Suiza francófona”,Textos de didáctica de la lengua y literatura 11: 77-98.

Kagan, S. 1999: Cooperative Learning. San Clemente: Resources for Teachers, Inc.